• 06
    ABE
    "Durangoko Azokan euskal kulturarekiko dagoen atxikimendua urte osoan bultzatu behar dugu"
    Aiert Goenaga Durangoko Azokaren kartelarekin batera

    AIERT GOENAGA. Durangoko Azokako zuzendaria.

    Abenduaren 6tik 9ra irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, aurten zuzendari berriarekin: Aiert Goenaga. Ondarruarrak gogotsu hartu du euskal kulturaren zentro bihurtu den Azokaren antolaketa lana. Garai berrietara egokitzen hasia da liburu eta diskoen azoka, eta horregatik bestelako kultur adierazpideek ere haien tokia dute Durangon. Egungo egoera eta etorkizuna hizpide izan ditugu Euskaltzale! aldizkariaren 76. alean. Hemen duzue elkarrizketa osoa.

    Azoka gainean dugu, eta horrelako ekimen erraldoi bat prestatzeak lan mardula eskatzen du. Urduri?

    Bai, urte osoko lana da hau, eta orain urduritasuna nabarmenagoa da. Lanketa handia eskatzen du, esparru asko ukitzen dituelako. Elkarteen bidetik, enpresen bidetik, azpiegitura muntatu behar da, guzti honen komunikazioa... Gainera, zabalkunde prozesu batean sartzen hasi gara, hau da, orain arte Azokak liburu eta diskoei erreparatu die, eta hori da gure arima, baina, bestelako diziplinei tokia eman nahi diegu eta horrek ere beste esparrutan lan egitea eskatu digu. Beraz, horrek guziak urte osoko lanketa behar du.

    Dagoeneko ez da liburu eta disko azoka soilik, eta gutxinaka berrikuntzak sartu dituzue.

    Horretan ibili gara azkenengo urteetan, eta azkenengo bi urteetan gogoeta egin genuen. Horrek utzi zituen emaitza oso interesgarriak azokaren historiari begira: zer funtzio izan behar duen, eta abar. Hau da, nolakoa izan behar duen XXI. mendeko Azokak. Gogoeta horretan hainbat kezka agertu ziren, adibidez, liburu eta diskoen euskarriak. Izan ere, aldaketa prozesu batean gaude, teknologia berriek sekulako pisua hartu dute, eta aldaketa horri begira badakigu etorkizunean pauso batzuk eman beharko ditugula. Horretaz gain, geroz eta diziplina gehiago agertzen dira euskarri desberdinetan eta beste zabalkunde bat eman nahi genion errealitatearen argazkiari leialago izateko. Ideia horretatik tiraka iaz zabaldu genuen arte eszenikoen gunea: Eszenatokia. Irudienea ere zabaldu genuen, ikusentzunekoen munduari atea irekitzen diona, eta baita Kabia ere, teknologia berriak, euskara eta kultura uztartzen dituzten proiektuen plaza.

    Zer nolako harrera izan dute proiektu berri horiek?

    Harrera ona izan dute. Iaz lehen urratsa izan zen proiektuaren zabalkundeari begira, eta hiru guneek oso ondo funtzionatu zuten, kontuan hartuta, gainera, lehen urtea zela. Egia da Ahotsenea bosgarren urtez dugula, baina proiektu berriak izanda eta disko eta liburu azoka dugunez, ez genekien nola funtzionatuko zuen. baina, oso emaitza onak utzi zituen. Ikusi dugu zein izan diren elementu indartsuenak, eta horiek denboran zabaltzen saiatu gara, kalitate aldetik eskaintza gehiago bermatzeko.

    Durangoko Azoka berrituz doa, baina ez bakarrik abenduko lehenbiziko astean, hilabete horretatik landa ere eragile izan nahi du.

    Lehen aipatu dudan hausnarketaren harira hartu genuen erabaki hori. Nola izan behar du etorkizuneko Azokak? Eta nola islatu behar du lanketa guzi hori urtean zehar? Sarri jendea kexu da abenduan kontzentratzen delako izugarrizko kultur eskaintza, eta gero urtean zehar basamortu antzeko bat igarotzen dugulako. Egoera horri buelta emateko, Azokak berak erakarpen indarra bazuenez, bere babespean bestelako ekimen kultural batzuk sortzeko aukera ikusi genuen. Hausnarketa gune bat sortzeko beharra hauteman genuen, Azokan bertan eta Azokaren ildotik, baina urte osoko proiekzioarekin. Hau da, hausnarketa ziklo bat. Horrek, gainera, beste helburu bat betetzen laguntzen digu, beste elkarteekin ekimen bateratuak sortzeko aukera eskaintzen baitu. Izan ere, indar metaketaren aldeko apustua egin dugu, garai hauetan arrazoi gehiagorekin. Larrabetzuko Literaturiarekin ibili ginen elkarlanean, eta “Zergatik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri?” mahai-ingurua sortu genuen. Handik Gasteizera joan ginen sortzaileen topaketetara eta gero Ondarroako Marabilli sormen jaialdira. Bukatzeko, Durangoko Azokan bertan egingo dugu azkenengo mahai-ingurua. Bertan egindako gogoetekin liburu bat aterako dugu, eta beste bi mahai-inguru eta bi hitzaldirekin ziklo horri indar handiagoa eman.

    Aurrera begira non kokatuko litzateke Azoka aste batera ez mugatzeko estrategia?

    Zabaltzea da helburua, eta horretarako, argi dugu hainbat esparru ukitu behar ditugula eta gure esku dagoen heinean Azokaren funtzioak zabaltzen joan behar ditugula. Gerediaga elkarte txikia da eta baliabide mugatuak ditu, eta gurekin elkarlanean aritzen direnak ere antzeko egoeran daude. Beraz, hausnarketa egin beharra dago, eta Azoka egunetan kulturarekiko dagoen atxikimendu hori urte osoan zehar bultzatu.

    Euskaltzale andana biltzen da Durangon aste betean. Euskaldunen Meka da Azoka?

    Hor daude bisitarien kopuruak, iaz Landako gunean 138.000 lagun kontatu ziren. Beraz, abenduko bisita nagusia dela esan genezake, eta hori guretzako oso pozgarria da, ikusten dugulako gauzak ondo egiten ari ditugula, jendeak babesa ematen digula eta sinistu egiten duela proiektu honetan.

    Belaunaldi ezberdinen topagune da. Horien artean, belaunaldi berri bat: Interneten ibiltzen dena.

    Oso perfil ezberdineko publikoa dator Durangora. Fenomeno horrek trantsizio egoera ekarri digu, eta nabaritzen da belaunaldi berri horien aldaketa haien kontsumo ereduetan. Liburu fisiko bakoitzeko, beharbada, hogei elektroniko izango dituzte. Beraz asko igartzen da badatorrela aldaketa.

    Teknologia berriak, baina, ez dira mehatxu Durangoko Azokaren biziraupenerako.

    Ez, inolaz ere ez. Teknologia inbertsio gisa ikusi behar dugu, gure helburuak betetzen joateko baliabide bezala. Kulturgintzak ere teknologia baliatu beharko du bere zabalkunderako. Beraz, Azokak jakin behar du moldatzen garai berrietara. Adibidez, nola eman bide teknologia berrien kontsumoari. Argitaletxeak orain hasiko balira argitalpen elektronikoen aldeko apustua egiten, guk hori nola bideratu genukeen pentsatu behar dugu. Badakigu horrek zuzenean eragiten digula, eta Azokaren argazkia aldatu dezake urte batzuen buruan. Orduan kezka hortik doa, nola eragingo digun, zein aldaketa egin beharko ditugun, eta zein urrats eman behar ditugun aldaketa guzti horiek gure proiektuan biltzeko.


    Teknologiak gora behera, badira aldatzen ez diren gauzak. Aurten ere gonbidatu berezia izanen duzue: ijito herria.

    Urtero dugu gonbidaturen bat, eta helburua kulturen arteko zubiak eraikitzea da, elkar ezagutu eta harremanak sortzea. Ijitoen kultura aukeratu dugu aurten, hemen arrotza ez den kultura bat, bizikide dugun kultura alegia. Gurean bizitzen mendeak daramaten arren, oraindik oso ezezaguna zaigu kultura hau. Ijitoen kulturak duen aberastasuna plazaratu nahi dugu, eta orain arte eman ez den ikuspuntu bat erakutsi. Sorpresak hartuko ditugu.

    Aurten egun bat gutxiago izanen du Azokak. Krisia ailegatu da zuenera ere. Diru laguntzak murriztu dira?

    Bai, diru laguntzetan murrizketak egon dira, aurten sektore pribatutik, eta zabalkunde prozesuan harrapatu gaitu. Beraz, hori ez zen koherentea, ezin da zabalkundea egin diru murrizketak daudenean, are gehiago azken urteetan tendentzia hori izan denean. Beraz, hobe dugu kalitatearen aldetik apustua egin eta egun gutxiagotan dena kontzentratu, bost egun egitearren bost egunez luzatu eta azkenean indarrak xahutuago eskaintzea baino. Lau egunetara mugatu behar bada ez dago arazorik.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.